XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Historia eta Politika

Sei urte iragan eta gero, Eugène Goyheneche desagertzeak euskal ikaskuntzetan utzitako hutsunea gaurko egunean ordukoa bezain handia da; nahiz eta, egia da, historia ikasketak aurrerabide handia egiten ari diren, batez ere Euskal Autonomi Elkarteko eta Nafarroako Unibertsitate publikoetan zein pribatuetan diharduten irakasle ohargarriei esker.

Urte oroz, artean gutxi ezagunak ziren gure historia kolektiboaren zenbait alderdi erakusten dituzten txostenak eta tesiak argitara ematen dira.

Alabaina, XX. mende amaiera honetan zein historialarik hitz egiten ahal digu Eugène Goyhenechek egiten zuen zientzia eta aisetasun berarekin hala Otsozelhaiko Harpeez nola Erdi Aroko Iruñeaz edo Bizkaiko industria iraultzaz?

Izan ere, Euskal Herriaz zuen ezagutza benetan entziklopedikoa zen eta garai guztiak eta probintzia guztiak besarkatzen zituen (eta gehiago, Hego Amerikarako edo Californiarako euskal emigrazioari buruzko lanak kontuan hartuz gero).

Euskal Herriaren historiaz halako ikuspegi sakona zuen historialari baten aurrean ez gara, esan gabe doa, mintzatzeko egokienak.

Ez gara, ezta ere, gizonaren kalitate aberatsak oroitarazteko egokienak; ez dugu ez eta gogorik horretarako behar bezalako urruntasuna edo distantzia gure laguna zenari buruzko iritzi objektiboa (zentzurik ote du hitz honek?) emateko.

Izan ere, Eugène Goyheneche 70. urteetako hasieran ezagutu genuen.

1972an Sabino Arana Goiriri buruzko gure tesia agertu zenean iruzkin adiskidetsu eta onginahiz betea egin zuen Musée Basque-ko Boletinean.

Baina batez ere haren bizitzaren azken bost edo sei urteetan izan genuen hobeto ezagutzeko eta estimatzeko pribilegioa.

1987an Ipar Euskal Herriko 30. urteetako mugimendu eskualerrizalea, politikaren alorrean Iparraldean egiten zen lehen nortasun erreibindikazioa aztertzen hasi ginen.

Haren ekintzaile nagusietariko bat izan zenak oso gaztea garai hartan harrera beroa egin zion ikerketa berri honi eta bere biblioteka bikainaren zein artxibo aberatsen ateak ireki zizkigun.

Ez zen hura, ordea, inolako tratamendu berezirik: